Astrabudua auzoaren izena Atxa eta Trabudua toponimoen batuketatik dator. Gaur egun Atxa (Atxes) izenez ezagutzen dugu Axpuru mendiaren magalean kokatutako baserri multzoa.
Oraindik bertan irauten dute, besteak beste, aspaldiko baserri etxe batzuek: Etxezarra, Barriena (Barrene) eta Etxebarria. Etxezarra (Etxezarre) baserriaren jatorrizko izena Atxa da, Atxaetxezarra izena ere hartu zuena etxe berriagoak egin zirenean.
Atxa hitza gaitera, auzo honetako beste hainbat toponimotan ere ageri da: Atxabidea, Axpuru baserria eta mendia (atxa eta burua hitzez osatua), Axpe (Atxa eta –pe behean esanahia duen atzikia) Astrabuduko auzo txikia, besteak beste. Hain zuzen ere tren geltokiak duela gutxi arte Axpe izena zuen.
Trabudua ere etxalde baten izena da, eta inguruan zuen etxe-multzoarena: Trabuduatxikerra, Trabuduaurrekoa edo Lukiena (Lukine) eta Trabudualkonena (Trabuduaerdikoa) edo Alkonena (Alkone).
Auzoa bera izendatzeko Astrabudua izena lehenengoz udal agiritegiko 1808ko dokumentu batean erabiltzen da. Aurretik Trabudua edo Atxa eta Trabudua izena agertzen dira.
Baserri-auzo izatetik, Erandioko biztanlerik gehien duen auzoa izatera pasatu da. Horrela, gaur egun baserri gutxik irauten du zutunik; baina, zorionez, baserri horien izenak bizi-bizirik daude kale-izendegian gorde direlako. Toponimo horiek kale-izenetan gordetzeaz gain, kale egokietan gordetzen dira; izan ere, eraikina zegoen, edo oraindik dagoen, lekuaren inguruko kaleak darama etxaldearen izena: Alkonena (Alkone), Trabudualkonena baserriagatik, Juanena (Juanene), izen bereko baserriagatik, Iturribengoa (Iturrimingo), izen bereko iturriagatik, Kintoena (Kintone), izen bereko baserriagatik, Oleaga (Ollaga), Oleaga izeneko etxalde-multzoagatik (dokumentazioaren arabera bi zeuden Oleagagoikoa eta Oleagabekoa), Txakurzulo bidea, Txakurzulo izeneko XIX. Mendeko etxeari erreferentzia eginez, Astrabudua eta Leioako mugan zegoena, dagoeneko desagertua. Atxape kaleak ere izen bereko baserri desagertuari zor dio izena; eta Madaripebideak, bestalde, inguruko madariondoei.
Astrabudua izenaren amaierako –a artikulua da, ez da berezkoa. Horrek zera esan nahi du deklinatzerakoan galdu egiten dela eta beraz Astrabuduko, Astrabudutik, Astrabudura bezalako formak erabili behar ditugula.
Non kasuan, ostera, Astrabuduan esan behar da.

